Mundua.com
 
Bloga sortu  Sartu  

07.24.09

Balorazioa Lekeitioko HITZA egunkarian

Posted in ikastaroa, prentsa July 24, 2009 at 9:27 by euskal pop

UEUko ikastaroek emaitza bikaina lortu dute
UEUko arduradunak eta R.M. Azkue ikastola eta Dzanga Geurera kultur elkartekoak oso pozik agertu dira.
Hitza Lekeitio

UEUk Lekeition egin dituen lehen ikastaroak amaituta, arduradunek, UEUko foroetatik kanpo egin den saiakera honen balorazioa egin dute. UEUko arduradunak, R.M. Azkue ikastola eta Dzanga kultur elkarteko kideak emaitzak «oso pozik» agertu dira.

Jose de la Torrek edo Purruk, R.M. Azkue ikastolako zuzendariak, gauza bi nabarmendu izan nahi ditu. Alde batetik, irekiak izan diren ekitaldiak, «oso jendetsuak» izan direla eta bestetik, ikastaroek herri mailan sortu duten giro «berezia». «Kontzertura etorri ziren batzuek, esate baterako, ikastaroak ea jarraipenik izango duten galdetu ziguten», azaldu du ikastolako zuzendariak.
Purruren izenean oso balorazio ona egin dute ikastola eta Dzanga Geurera kultur elkarteko taldeko kideek. «Horrelako ekitaldiak bultzatzeko prest gaude beti eta bide horretatik jarraitzeko asmoa dugu», gaineratu du.
«Apustu berritzailea»
UEUren aldetik, ostera, Lekeitioko ikastaroak «aurrera begira proiekzioa duen apustu berritzaile eta esperimentala» izan dela diote.
«Udako ikastaroetan errazak edo erosoak diren gaiak landu ohi dira, baina Lekeition hain zuzen ere soziologia sailetik gai potologoak ere lantzea lortu dugu. Gizartea eta sozio-politika musika bidez josi ditugu. Hori guztia, era berritzaile batean eskaintzea lortu dugu», azpimarratu du Galletebeitiak.
Balorazioak balorazio, «ate bat irekita» uzten duen ibilaldi baten hasiera dela diote aurtengoa.
Halaber, auzolanean egindako lana izan dela nabarmendu nahi izan du Iban Galletebeitia, UEUko Soziologia saileko lekeitiarrak. «Oso baliabide onak eman dizkigu ikastolak. Horretan, Lekeition bertan lagundu diguten ikastola, Dzanga Geurera kultur elkartea eta batez ere herriaren erantzuna eskertu nahi ditugu UEUtik».
UEUko arduradunak herritarrengandik jasotako erantzuna «pentsatu baino handiagoa» ere nabarmendu nahi izan du eta horrek guztiak ilusioz bete dituela UEUko antolatzaile guztiak .
Horrez gain, «izen handiko musikarien» presentzia ere eskertu nahi izan dute antolatzaileek. Horrek guztiak UEUko antolatzaileei Lekeitiok «erakargarritasuna» duela erakutsi die. Bestalde, «Txoko guztietatik» etorri diren ikasleei ere esker ona azaldu die UEUk.

07.23.09

Punk eztanda Euskal Herrian

Posted in EZtaBAIda, ikastaroa July 23, 2009 at 13:56 by euskal pop

Josu Zabala izan geneun hizlari Lekeition. Hertzainak taldea sortu aurretik Gasteizen kokatu gintuen otxandioarrak.
Zapa eta Kutxin poteoan ibili ostean, musika giroa zelan sortzen eta garatzen joan zen kontatu zigun gero.
Hertzainak sortu ziren. Eta beste hainbat talde ere…
Punk musika, rock giroa, fantzineak, irrati libreak, gaztetxeak… denetarik izan zen 80. hamarkada horretako hasieran.
Giroa, borroka, diskoak, maketak, kontzertuak, jarrera eta eztabaida.
Hertzainak taldeak be, bere bidea egin zuen. Eta bide horretaz ere egin zituen bere gogoetak Josu Zabala sortzaileak.

Hertzainak taldearen Guantanamera, besteak beste Mikel Laboa, Ruper Ordorika eta beste musikari batzuekin.

Igor Elortzarekin diskoak entzuten
80 eta 90. hamarkadetako diskoak entzun genituen Igor Elortzaren eskutik. Gogoeta, sentsazioak, bizipenak, hizkuntza… bideoak ikusi, berba egin eta kantuak entzun genituen arratsaldean zehar.
Eta Anariren kantu bat jarri eta galdera bota zuenean, eztabaida interesgarri batean murgildu ginen guztiok. Euskal Herria, musikagintza, hizkuntza, alternatibak, sarea…. denetarik entzun, esan eta pentsatu genuen.

Ñabardurak euskal pop-az

Posted in EZtaBAIda, prentsa July 23, 2009 at 13:44 by euskal pop

A cappella | Berria
Fermin Etxegoien

Itoiz gehiago gustatzen zen erdaldunen artean euskaldunen artean baino; gehiago gustatu ere Bizkaian Gipuzkoan baino; Itoizek erdaldunak euskaldun sentiarazten zituen, batez ere Bizkaiko erdaldunak. Itoiz taldearen arrakasta euskaldungo modernoaren aukera galduen zerrenda luzean sar genezake.

Itoizenaren moduko pop hutsa osagaien arteko berdintasunean oinarritzen da; ezer ez da larregi nabarmendu behar beste edozeren gainetik. Bestela ez da pop, baizik eta pop-rock (Hertzainak), pop-folk (Sorotan Bele), pop-punk (Berri Txarrak), heavy-pop (Ken 7), power-pop (Balerdi Balerdi), emocore-pop (Anari), cabaret-pop (Txuma Murugarren), soul-pop (Xabier Montoia), erromeria-pop (Urko), eta bertatik datorren gure ekarpen hibrido nagusia: triki-pop (Tapia ta Leturia).

Gainera, pop hutsa ez da eraikitzen erritmo sinkopatuen gainean (blues, rock-and-roll, soul) ezta kontratempo eginez agertzen diren erritmoetan ere (ska, reggae). Izan ere, zurien musika dugu, eta swing barik egin daiteke, halaber zuriak diren heavy edota punk estiloak bezala. Noski: pop musikan berehala bilakatzen dira arrotz gehiegi nabarmentzen diren solista abilegiak zein baldarregiak.

Abiapuntuz, beraz, pop musika ez da batere demagogikoa, entzulea aldez aurretik harrapatzeko ez baitu manierismo nabarmenik erabiltzen. Ez musika mailan, are gutxiago hitzen bitartez; pop hutsak ez du beretzat nahi sektario usainik dakarren ezer, bere indar askatzailea korapilo txikiak deslotzean baitatza.

Baina askatzailea izateko, pop musikak modernista behar du izan, esan nahi baita iraganarekiko -gurasoen mundu itogarriarekiko, edozein delarik- libre sentiarazten gaituela. Duda barik, gaztaroan errazago da honelakorik sentitzea gerora baino.

Ondorioz, pop musikagile askorentzat gainerako herri musika gehienak aldeanada bat besterik ez dira, eta aipatutako ezaugarriok betetzen dituzten euskal talde gutxi edo oso gutxi izan dira azken hogeita hamar urteotan.

07.22.09

Euskal pop musika eta beste, «ez dok hamairu» baino lehen eta gero

Posted in prentsa July 22, 2009 at 8:29 by euskal pop

GARA
Anartz BILBAO

UEUren Udako Ikastaroak Lekeitiora heldu dira aurten, «Euskal pop musika, euskal pop gizartearen isla?» galderarekin. Atzo, Pako Aristi eta Benito Lertxundi izan ziren bertan, «Ez Dok Hamairu, kontrakulturaz harantzago» ahotan.

«Kantari historikoa ere bada Benito Lertxundi» esan zuen Aristik atzoko solasa aurkezterakoan, Ez Dok Hamairu taldetik jarraitzen duen bakarra oriotarra dela gogoraraztean. Agian horregatik, ikastaroko hogei ikasleez gain (gazteak gehienak), beste horrenbeste ere erakarri zituen atzo (nagusitxoagoak gehienak), irekia zen jardunak.

«Ez Dok Hamairu-ri buruz asko hitz egin da baina gutxi idatzi» esan eta, saioaren izenburuari erreparatuta, honen egokitasunaz galdegin zion Aristik artistari: Kontrakultura bat garatzearen kontzientzia ba omen zuten. Kantariaren ustez, «hatza uzten duen gauza asko oharkabean gertatzen da», eta «dei edo gogo bat» izaten den arren, zeren bila zabiltzan, «estrategiarik ez da izaten sarri».

Oriotarrak, euskaraz abesten hasi eta Laboaren deia jaso izana gogoratu zuen, bilera batzuetan parte har zezan gonbidatuz. «Soto hartan kataluniar Nova Canço deskubritu genuen, Raimonen «Al Vent»…», eta mugimenduaren garrantziaz jabeturik, «gurean antzeko zerbaiten sortu nahia» piztu zen han biltzen ziren lagunengan.

Taldetxo bat sortu eta herri mailan eztanda sorrarazi zuen Ez Dok Hamairu-k, «Baga Biga» bezalako ikuskizunekin. Bitxikeria legez, oriotarrak gogoan du «Zeruko Argia»n traidoretzat jo zituztela, «euskaraz, gitarra hartuta jotzen genuelako». Taldekideen artean loturak sortu eta teoria eszeniko berriak praktikan jarri zituzten, musika ardatz hartuta. Gaur egunera etorrita, musikari belaunaldi berriek «badute Ez dok Hamairuren itzala» egin zuen hausnarketa, «hura gabe egungoa ez legoke» esateko. Mugarri bat jarri zuen taldeak: Ez Dok Hamairu baino lehen eta gero.

Taldearentzat bataio bat izan zen hura, «ez genuelako ezer, dena zelako berria (euskaraz)». Zentsura gainditzeko orduan, esaterako, estetika berri batez prestatu zuten «Sentikari» ikuskizunean, «norbaitek kontatu zigun kantuari ziotela beldurra, antzerkiari ez horrenbeste». Beraz, kantuak aurkeztu ordez -erdiak atzera botako zituzketen-, obra oso bat aurkeztu zuten, nahasketa abangoardista bat.

Bost urte iraun zuen taldea «babes eta eskola zen, elkarrengandik ikasteko». Eta kantu tradizionalak berreskuratu eta aztertzeko lana zuen Lertxundik, «kontzientziaren esnatzea zor» omen dio Ez Dok Hamairu-ri.

Estetika, politika, kultura…, kontu askok bereganatzen du Lertxundiren arreta, Arestik sarreran aipatu eta solasaldian argi gelditu zenez. Oriotarrak 70eko hamarkadako kantagintza alde batera utzi, eta makina bat gaira ihes egin zuen sarri, eta behin berotuta, euskal po(p)litika ere aztertu eta astindu zuen, goitik behera. Horrela egin zuen entzuleekin elkarrizketan hasita, «guretzat zuen kantuak protesta egiteko modua ziren, esnatu egin gintuzuen» esan ziotenean. Artistak, taldeak iritzi politikoak ere plazaratzen zituela oroitarazi, eta «gure hizkuntza gaur, politikan-eta, epela eta biguna da, zuria» esan zuen. «Nahastu eta diskurtsorik gabe utzi dute herria. Konplexuz bete eta artaburu bihurtu gara». Lertxundik jarraitu zuen, «orain libertatea omen dago gauzak esateko, baina ez dut entzuten esaten direnik», eta bere nahia agertu zuen: «Beste akuilu bat behar dugu, berriro esnatu». Eta musikaz gain (David Graham eta Pete Seeger -hau ezagutu ostean kantagintza ulertzeko modua aldatu zuen-) ahots-gorako hausnarrari eman zion: borroka armatua (eta armadak), Marx edo Roger Garaudy, gidaritza politikoa (edo falta), abertzaletasuna (eta nahasmena), zentsura eta kondenak…

07.21.09

“Musikariek euren aldarrikapenekin gizartea aldatzen lagundu dute”

Posted in prentsa July 21, 2009 at 12:59 by euskal pop

Diario de Noticias
arkaitz a. muro

Musika gizakiak lehenengo pausuak eman zituenetik izan da gizartean. Baina, benetan lagundu ote al du gizartearen ibilbidea finkatzen? Edo gizakia izan da musikaren norabidea zuzendu duena? Josu Larrinaga antropologoaren iritziz, bi galdera hauen erantzuna berbera da: bai.

Zein da ikastaro hau eskaintzearen arrazoia?

Euskal musika modernoa, guk pop deitzen duguna (popularra edo herrikoia), nolabaiteko harremana du bere gizartearekin. Izan ere, gizartearen errealitatea islatzen du, eta, nolabait ere, gizartea aldatzen laguntzen du. Hori dela eta, 60. hamarralditik aurrera euskal gizartea nola joan den aldatzen eta aldaketa hauek euskal musikan izan duten eragina aztertu nahi izan dugu.

Nolakoa da aipatzen duzun euskal pop gizartea?

Euskal pop gizartea industrializazioarekin sortzen da, 60. hamarkadatik aurrera. Garai honetan, frankismoaren azken urratsak aurreikusten direla, euskal gizarte modernoa sortzen da eta momentu berean ere, nazioarte mailan pop musika deitzen dugun fenomenoa jaiotzen da: musika popularra. Horregatik esaten dugu euskal pop gizartea: euskal gizartea euskal kulturaren inguruan joaten delako bide berri batetik. Une honetan Euskal Herriari buruz hitz egiten hasten da, eta euskalduntasun horretan kokatzen den gure gizartearen zati handi batek koordenada hauek hartzen ditu; ondorioz, musika mota berri bat sortzen da.

Zein da musika estilo honek izan duen eboluzioa?

Lehenengo letrak euskal identitatearekin erabat lotuta zeuden, folkloreraen ondaretik hartzen ziren melodia asko. Hasierako momentutik, Ez dok Amairu taldekoak… abangoardiaren bidetik jotzen dute, Mikel Laboa kasu. Ondoren, elektrifikazioa sortzen da. Hor ere, tirabirak izan ziren, izan ere, jendeak galdetzen zuen rocka euskal musika ote zen. 80. hamarraldian Euskal Herrian aldaketa handi bat gerta-tzen da: euskal kultura instituzionalizatu egiten da, eta paradoxikoki bada ere, musika munduan horren kontrako erreakzio handia sortzen da; euskal rock erradikala edo punka izan zena. Honek lortzen duena da musikak zentralizatze handia eskuratzea eta, hori dela eta, profesionalizatu egiten da eta industria propio bat sortzen da. Gaur egun ere, musika munduan aldaketa asko egiten ari dira, euskarriaren alde-ari eta teknologiari dagokienez.

Zeintzuk izaten ziren letretan islatzen ziren kezkak?

Hemen beti esan izan da kantek kutsu politiko handia izan dutela, beste leku batzuekin konparatuta. Kontuan hartu behar da euskal identitatea beste indartsuago ba-tzuen menpe dagoela eta, beraz, logikoa da ikuspegi aldarrikatzailea izatea. Baina, aldi berean ere, egia da musikariek jakin dutela gizartearekin konektatzen, gai askoren inguruan hitz egin baitute beren lanetan. Adibidez, Hertzainak taldeak Aitormena , amodioaren inguruko abestia, idatzi zuenean, zirrara handia sortu zen.

Beraz, gizartearen isla da musika?

Bai, guk pentsatzen dugu baietz. Gizartea aldatu den neurrian, musikak ere, horri erantzun dio. Baina, musika eta musikariak badira ere, nolabait, lidergo intelektuala egiten duten pertsonak; zentzu horretan, euren aldarrikapenekin lagundu dute gizartea aldatzen, jende askorekin bat egitea lortu dutelako. Zenbait kasutan ere, beste gauza batzuen inguruan hitz egiten hasi direnean edo beste musika mota bat egiten hasi direnean, horretarako behar soziala egon denean izan da.

Nolakoa da gaur egungo euskal pop gizartea?

Euskal gizartea, gaur egun, oso sakabanatua dago, ez dago ipar kolektibo bat. Zalantza asko dago, kulturaren eta ekonomiaren inguruan ere, krisia dago. Orduan, momentu honetan zaharra zeharo amaitzen ez den eta berria jaiotzen bukatzen ez den une batean gaude. Krisi garaitan ere, sormen kulturala areagotu egiten da. Hori dela eta, ikastaroa presta-tzen egon garenok pentsatzen dugu garai honetan horrelako egoera batean gaudela. Horregatik sormen kulturala eta proposamen berriak ugaltzen ari dira uste dugu eta, ondorioz, hurrengo urteotan horren inguruko eztanda ikusiko dugu. Horrek ere gizartearen norabide berria islatuko du

07.20.09

Musika POPularraz mintza gaitezen

Posted in EZtaBAIda July 20, 2009 at 17:51 by euskal pop

Jendeak pentsatu du pop musika baino ez dugula hartu behar hizpide.
Zer da pop?
Popularra, herrikoia… zentsu zabalenean aztertu gura dugu.
60. hamarkadatik datorren musika sorkuntza euskalduna aztertuko dugu Lekeition.

Fermin Etxegoien kazetariak Euskal popaz (ez ipurdiaz) artikulua plazaratu Berria egunkarian, eta eztabaida hedatu da gero Zuzeu albiste atarira, eta hariak mezu interesgarriak izan ditu tartean.
Beste batek, Euskal abestia hil da, gora rock & rolla Xabier Montoiak behinola Oh! Euzkadi aldizkarian idatzitako artikulua gogorarazi digu.
pop?
Eztabaida ona da berez, baina guk ez dugu POP musikaz hitzegingo, guk pop musika izango dugu hizpide. Ulertzen da?

Iruñean hasi da ikastaroa

Posted in ikastaroa July 20, 2009 at 17:25 by euskal pop

Pop musika, musika popularra edo eta herrikoia. Euskal Herria, euskal gizartea, Pop gizartea…. hainbat berbagai hartu ditugu gaurkoan hizpide.
Ikastaroa zabaltzen Ane Larrinaga EHUko soziologia irakasleak euskal kulturaren esparruaren gaineko gogoeta mamitsua eskaini digu.
UEU Iruñean
Iruñean UEUk burutzen diharduen ikastaroetan murgildu, eta itsasertzera abiatu gara orain, Lekeition beste hiru egunez musikaren eta soziologiaren inguruan aritzeko.
Soziologia musikala egin asmo dugu, musika herrikoia, pop musikak aztertuz (60. hamarkadatik gaur egunerarteko musika mugimenduak Euskal Herrian)-

05.11.09

zergatik POP? Iruñeatik Lekeitiora

Posted in ikastaroa May 11, 2009 at 11:47 by euskal pop

Zergatik pop? Bada, popularra delako, herritarra. “Babarrun Aza Popularra” proposatzen zuen BAP taldeak 80ko hamarkadan Andoaindik, eta holako menua eskaini nahi dugu ikastaro honetan. “Euskal gizartea” oso eltze betea da, plurala, kontraesankorra, areago, existitzen ote den eztabaidagarria izan daiteke. Euskal pop gizartea, beraz, hipotesi bat da, joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera agertzen den egitura sozial berria, euskal kultura eta kulturgintza, euskaldun identitatea berrasmatzen dituen mugimendua, zenbait momentutan euskal gizartearen osotasunarekin nahastu daitekeena.

Eta beste hipotesi bat da “euskal pop musikak” (zergatik ez “folk”, edo “rock”, edo…?, bada, “pop” popularra delako, herritarra) 60ko hamarkada horretatik aurrera —agian ez hain argiro gaur egun— islatu dituela, adierazi egin dituela “pop gizartearen” asmo eta aldarrikapen kolektiboak, euskal kantugileek bizi, arnastu, hausnartu, sumatu eta iragazi egin dutela gizarte —herri nahi— honen iruditegi kolektiboa eta, kantu bilakatuta, bueltatu, itzuli, egin dutela gizartera, herrira. Horregatik, hain zuzen ere, “pop” da, popularra, herritarra.
POP?

Helburuak

Ikastaro honetan, beraz, bina hamarkadaka doan bidaia bat egin nahi dugu, garai bakoitzeko gizarte-giroa eta hori garaiko kantetan nola islatzen den aztertzeko. Kantugileek euren ikuspegia emango digute; Soziologiatik egindako ikerketak ezagutuko ditugu eta kantuak gizartean nola onartu ziren aztertuko dugu. Arratsaldeko saioetan ez dugu bakarrik kantuei buruz berba egingo, entzun egingo ditugu eta eztabaidarako beta egongo da. Eta eztabaida horretan nork bere kanta gogokoenak jartzea eskertuko da, betiere norberaren argudioen alde.


Ikastaro teoriko-praktikoa.

Ikastaroa Iruñean hasiko da, uztailaren 20an, baina beste hiru saioak, 21, 22 eta 23an, Lekeition garatuko dira.

05.07.09

euskal POP musika | euskal pop gizartearen isla?

Posted in ikastaroa May 7, 2009 at 0:15 by euskal pop

Euskal POP musika
pop kultura
Ikastaro berezia: Iruñean hasi eta Lekeition amaitzeko.
Udan, uztailean.

05.05.09

zer egiteko asmoa udan?

Posted in ikastaroa May 5, 2009 at 0:44 by euskal pop

Gu udako ikastaro batera joango gara. Musika entzunez, hitzaldiei adi, ez dakigu dantzan jarriko garen edota apunteak hartzen.
Pop musika eta pop gizartearen arteko harremanaz arituko gara. Iruñeatik Lekeitiora.
euskal pop, baserri bat, asmakizun herritarra

Edukien lizentzia: Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5
hosting y dominios